domingo, 26 de abril de 2009

XX. urtemugaren hondarrak



Aurreko idatzian jakinarazi genizuen bezala, apirilaren 10ean preso eta iheslarien aldeko bertso afaria egin zen, Gaztelumendi anaiekin. Ostiral santu eguna agian ez zen datarik egokiena izango, baina kontua da Zestoan geratzen ginenoi eguna alaitu zigula bertso afariak.


Aste bete beranduago, apirilaren 17an, umeen eguna ospatu zen. Eskulanekin hasi, txontxongilo ikuskizun batekin jarraitu, eta txokolatadarekin bukatu zen arratsaldea.


Gaztetxeko urtemugari dagozkion ekintzak bukatu dira aurtengoz. Balorazioa positiboa izan da. Gazte asanbladak eskerrak eman nahi dizkie Zestoako udalari, ekintzetan parte hartu duten herritarrei, eta kanpotik etorri direnei. Beraiek gabe gure saiakerak ez baitzuten askorako balioko.


Orain Santa Kutzak datoz. Tanborrada eta festa giroa. Animatu zaitezte Zestoara etortzera, ez zarete damutuko!

martes, 7 de abril de 2009

XX. urtemugarekin jarraituz...

Joan den larunbatean, apirilaren 4an, urtemuga honetako festa egun handia izan zen.
Eguerdiko 12.00etan txupinazoa bota genuen, eta triki poteoaren ondoren, bazkari herrikoiari hasiera eman genion. Giro politean igaro ziren bazkariko orduak, eta iada kafea aurrean genuela, trikitilariekin kantuan aritu ginen. Horrela luzatu zen bazkalondoa.
Arratsaldeko 19.30etan kalejira zaratatsua egin genuen, eta aipatzekoa da bertan zegoen jende zaharragoaren presentzia.

Gau aldera, eta iragarritakoari jarraituz, hiru kontzertu bikainez gozatzeko aukera izan genuen. LEIZEk eman zuena espero zen, baina ezusteko polita eman zuten bi talde berriek: Gundestrak eta Children off the grave-k. Gundestrak taldeak gaztetxeari buruz eginiko kanta batekin eman zien amaiera kontzertuei.










Eguna, beraz, arrakastatsua izan zen, eta eskerrak eman nahi dizkiegu hori horrela izatea ahalbidetu zuten pertsona eta eragile guztiei. Gure asmoei oihartzuna eman dieten hedabideei, Zestoako Udalari... kalera atera zineten zestoarrei, eta Zestoara hurbildu zineten pertsona guztiei, ESKERRIK ASKO!
Aste honetarako egitarauari erreparatuz, bihar iluntzeko 21.30etan, gaztetxean egingo den Kafe Tertulira gonbidatzen zaituztegu. Ostiralean, berriz, bertso afaria izango da arkupetan, txartelak salgai daude iada Zestoako tabernetan. Anima zaitezte! Ez zarete damutuko!

miércoles, 1 de abril de 2009

XX. urtemuga martxan!!


Martxoaren 27an eman genion Hilabete Kulturanitzari amaiera, Sabel Dantza ikuskizunarekin. Martxoaren 28an, berriz, XX.urtemugaren aurkezpena egin genuen, Korrikako aurkezpenarekin batera. Argazki eta bideo erakusketa egon ziren udaletxe azpian larunbat iluntze aldera, eta gero afaria eta txoxa, leku berean. Gaztetxean egin zen DJ festarekin bukatu zen XX.urtemugako ospakizunei zegokien lehen eguna.

Hilabete osoan zehar ekintza ugari egingo dira Zestoan, gaztetxe batek hogei urte ez baititu egunero betetzen. Ostiral honetan, apirilak 3, Grises Sueños talde zestoarraren kontzertua izango da gaztetxean, 22.30etan.


Larunbatean, apirilaren 4an, egun osorako egitaraua daukagu.
Goizaldetik hasiko da festa Zestoan, txupinazo eta guzti. Eguerdian herri bazkaria izango da udaletxe azpian, trikitilariekin. Arratsaldeko zazpiak inguruan manifestazio bat egingo dugu, Indio Joxemari, XX udaberri txabolan lemapean. Gauean, Leize, Gundestrak eta Children off the grave taldeen kontzertua, Zestoako plazan.

Astebururako egitarau honekin, guztiok Zestoara hurbiltzera, eta zestoarrak kalera ateratzera gonbidatzen zaituztegu!!

Animatu hadi!!